Eskubide politikoen alde, ekitaldia antolatu dute hilaren 30erako Bilbon

Besteak beste, ezker abertzaleko, EAko, Aralarreko eta Lokarriko kideek parte hartu dute aurkezpenean, bakoitzak bere izenean

«Egoera iraultzeko unea» dela esan dute, hainbat auzipeturekin egindako agerraldian

Aitziber Laskibar.

Bilbo

Euskal herritarrek bizi duten eskubide zibil eta politikoen urratze egoera «gainditu» beharra dagoela sentitzen dute askok; horregatik, hainbat eremutako 50 bat herritar hedabideen aurrean azaldu dira, «egoera iraultzeko unea» dela esateko. Eskubide politiko eta zibil guztiak denenak direla aldarrikatu dute, eta hori egia bihurtzeko urratsak egin daitezela eskatu dute. «Tresna kolektibo eta eraginkorrak» martxan jartzeko. Proposamen bat ere egin dute bide horretan aurrera egiteko urrats gisa: ekitaldia antolatu dute hilaren 30 arratsalderako, Bilboko Euskalduna jauregian. Musika, antzerkia, dantza, argia, irudiak eta hitza oinarri izango dituen Eskubide zibil eta politikoen aldeko adierazpena.

Udalbiltza auzian auzipetuta dagoen Maribi Ugarteburuk eta Yolanda Jubeto EHUko irakasleak hartu dute hitza, guztien izenean. Aurkezpen mahaian eserita eman diote babesa deialdiari Andoni Mendizabal Lokarriko kideak, Unai Beaskoetxea Haika-Segi auzian auzipetu zutenak, Josu Murgia Aralarreko kideak, Jon Aritz Bengoetxea EAkoak, Oiakue Azpiri 18/98 auzian auzipetu zutenak, Unzalu Salterain EHNEko kideak eta Igor Urrutikoetxea LABekoak. Iazko urrian Arnaldo Otegi eta ezker abertzaleko beste zazpi lagunen aurkako operazioan atxilotu zuten Amaia Esnal ere eseri da mahaian, bai eta Igor Porturi eta Mattin Sarasolari, torturatu zituztenean, «maite zaituztegu» esateagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu eta zigortu zuten Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea ere.

Ekimenaren bidez salatu nahi dituzten egoerak irudikatu dituzte mahaian. Oinarri politikoen gainean eraikitako auzietan auzipetu dituzten kide ugari egon dira bai mahaian, bai mahaiaren atzealdean, zutik. Pertsona eta talde batzuen eskubide zibil eta politikoak urratuta guztienak urratzen direla sentitzen dute, eta, eraso horien «parte» direlakoan, baita guztien eskubideen alde egin beharra ere. Jarduera sozial, kultural, sindikal, politiko, akademiko eta kirol jardueran esanguratsuak dira denak.

«Ez gaitu errealitatearekiko ikuspegi bakarrak batzen», azaldu du Ugarteburuk parte-hartzaileen aniztasuna oinarri hartuta. «Ez eta jarduera publiko berbera partekatzeak ere». Guztien jarduera «premiazkoa» dela sentitzeak batu dituela adierazi du.

Hain zuzen, agerraldian bildu diren asko atxilotuak eta espetxeratuak izan direla gogoratu du. Bere ideia eta jarduera politiko edo sozialak aurrera eramate soilagatik espetxeratu dituztela. Hainbat atxilotuk, gainera, tratu txarrak pairatu dituztela ohartarazi du.

«Inkisizioko prozedurak»

Euskal herritarrei arrotz zaizkien «epaile, fiskal edo eskuin muturreko elkarteek» auzipetu, eta, «ez buru ez hanka» dituzten salaketen ondorioz, «Inkisizioko prozedurak» ezarri dizkietela salatu dute. Eta, Madrila, auzitegira joan direnetan, zerbait agerian geratu zaiela adierazi dute. Ez dutela Euskal Herriko errealitatea ulertzen: «Argi geratu da ez gintuztela ezagutzen. Ez gu, ez eta gure xede eta jarduerak ere». Hala ere, Euskal Herritik urrun eta «errealitatetik ezin urrunago» egonik ere, Espainiako Auzitegi Nazionalean beraiek «epaitzeko ausardia» izan dutela salatu dute. Epaitu, eta lan politiko eta sozial soila egin izanagatik, urte luzeetarako espetxeratu dituztela.

Bide hori moztu beharra dagoela uste dute, beraz: «Berehala geratzen ez badugu, etorkizun hurbilean are sakonagoa eta bortitzagoa izango da».

«Hemen gaudenetako beste batzuek ez dugu zitalkeria hori zuzenean jasan, baina horrek ez du esan nahi gurekin zerikusirik ez duenik», esan du Ugarteburuk bera ez bezala auzitegiek auzipetu ez dituztenen izenean. Izan ere, haren esanetan, «estatuak askatasunak murrizteko jarraitzen duen bidea» ez da mugatu pertsona batzuk zigortzera edo elkarte eta alderdi batzuk legez kanpo jartzera eta egunkari eta irratiak ixtera. «Sektore askok eta askok partekatzen dituzten aldarrikapenak susmopean jarri ditu», salatu du. Milaka lagun biltzen dituzten ekitaldi eta mobilizazioak debekatzen ari direla ekarri du gogora. Eta, horrela, «ideiak eta proiektu politikoak libreki ibil daitezen» galarazten ari direla.

«Adierazpen eta iritzi askatasuna aldarrikatzera gatoz, partehartze politikorako oinarrizko aldagai gisa», adierazi du horren guztiaren aurka Ugarteburuk. Eta «adierazpen irmoa» aurkeztu du, «demokrazia berehala ezar dadin aldarrikatzeko eta eskubide zibil eta politikoekiko errespetua eta bermea eskatzeko». Herritarrei, «oinarrizko eskubide zibil eta politikoen murriztapen zitalaren aurrean kezka sentitzen duten pertsona guztiei», mugi daitezen dei egin die. «Pitz» daitezen.

Berria.info

No hay comentarios:

Publicar un comentario