Udalbiltza, zazpi urte bahiturik

Egunon adiskide:

Kursaal-era hurbildu zareten guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu. Miramar-en atzo CONSEU eta Udalbiltzak ospaturiko Nazioarteko Jardunaldietako ondorioak azalduko dira, Herrien eskubideetaz landuriko hausnarketak argitara emango dira. Bestaldetik, Euskal Herriak historia garaikidean izan duen lehen Instituzio Nazionalak, Udalbiltzak bizi duen erasoa salatu, eta bertako kide eta langile izan diren 22 pertsonen gaineko injustiziaren aurrean elkartasuna indartu nahi dugu hemen.

Apirilaren 29an, zazpi urte beteko dira Polizia espainiarrak Udalbiltza Astigarragan, Iruñean eta Bilbon zituen egoitzetan sartu zirenetik. Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzón epaileak Instituzio Nazionalaren jarduera etetea erabaki zuenetik. Herri oinarria duen instituzioa, demokratikoki sufragio unibertsalez hautaturiko alkate, hautetsi eta udalez osaturiko instituzioa. Hamahiru herri ordezkari eta langile espetxeratu zituzten denbora luzez, hainbat esparrutan egindako lanagatik.

Atzean geratzen zen lau urtez jorratutako ibilbide aberatsa. Horren erakusle dira hamaika egitasmo arlo ezberdinetan landuak, hala nola, Euskal Herriko Nazio Aitormena, "Euskal Herria Demokrazia eta Bakeranzko bidean" agiria, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren sorrera, Zuberoa Garatzen ekimena, Euskal Herriaren Eskubideen Karta, Herrien Eskubideen Aldeko Nazioarteko Konferentzia eta beste hainbat ekimen. 1999an Euskalduna Jauregian eginiko Batzar Sortzailean finkatu ziren bost helburuen ildotik gauzatutako ekimenak.

Ekimen hauek eta antzekoak besterik ez dira jasotzen bai fiskalaren bai Dignidad y Justicia elkartearen salaketa idatzietan. Gure udalek arrunki aurrera ateratzen dituzten egitasmoak delitu! Jarduera hauengatik soilik, hamar urtetik gorako espetxe zigorrak eskatzen dituzte.

Diru publikoaren erabilpen bidegabeagatik bost eta zortzi urteko espetxe zigor gehitua eskatzen dute. Salaketa guztiaren futs eza biluzik geratzen da atal honetan, zigor horiek eskatzen baitira egitasmo hauek languntzeagatik: Euskal Herrirako meteorologia zerbitzua, "Pika" haur aldizkaria, Euskal Herriko Estatistika-Zerbitzua, Bernard Etxepare Lizeoa, Arrosa irrati-egitasmoa, Zuberoako garapen egitasmoa eta ... kitto! Ez dago besterik.

Auzigeti Nazionaleko fiskalak "Egunkaria"ren aurkako sumarioa artxibatzea eskatzen duen idatzia irakurtzea oso argigarria da. Idatzi bera, eta argudio gehiagorekin, erabil zezakeen Udalbiltzaren aurkako sumarioa ixteko, baita lehenago erakunde politiko eta sozialen aurka bideratu diren sumarioetan absoluzioak eskatzeko ere. Erakunde armatuko kide izatea egozten digute, gure arma bakarrak papera, arkatza eta Herri gisa gure etorkizunaren jabe izateko grina izan direnean. Agindupean aritzen ginela esaten ziguten, gure proposamenen inguruan ehunka hautetsik lan ildoak erabaki dituztenean. Ez dute inolako paperik aurkitu, ez dute inolako agindu arrotzik edo bilerarik topatu, ez dute inolako frogarik.

Hori ez dutenez, fikziozko literatura politikoa asmatu dute. Frogarik ez dago, ezind aitekeelako egon. Udalbiltzara aginduak gure herrietako udaletatik iristen zirelako. Akaso guzti horiek ere talde armatua ote dira?

Martin Scheinin, Terrorismoaren aurkako Borrokan Giza Eskubideak eta Oinarrizko Eskubideak sustatu eta babesteko NBEren txostengileak, Auzitegi Nazionalean bideratzen ari diren sumarioak direla-eta, "indarkeria ekintza larriekin zerikusirik eta nahikoa harremanik ez duten gero eta jarduera gehiagori, pixkanaka-pixkanaka terrorismo izaera leporatzearen arriskua" aipatu du. "Bide horretatik, eskubide asko urratzeko arriskua sortzen da". (Europa Press, 2008-05-14). Gainera, berriki Nazio Batuetako Giza Eskubideetarako Batzordeak Estatu espainiarrari "terrorismoa era murritzagoan definitzea eskatu dio (CCPR/C/ESP/CO/5/ 2998ko urriaren 27an).

"Dena ETA da" tesia eraikitzeko erabiltzen diren artifiziozko argudioez gain, nahita ahazten da Udalbiltza herri honetako hautetsien gehiengo anitzak babestu zuela, eta udalez eta zinegotziz soilik osatua izateak erakunde honi izaera instituzional eta demokratikoa ematen diola.

Ahaztezinak diren drama pertsonalez haratago, sakonera demokratiko handiagoa duen kezka dago. Ehunka udal eledunen borondate legitimoaz eta demokratikoaz sortutako instituzioa kriminalizatzen ari dira. Orain legez kanpo utzi nahi dena, 2006an Loiolako elkarrizketetan aztertu eta onartu zuten solaskide guztiek. Paragrafo honetan jaso zen: "Gaur egungo errealitate instituzionala kontuan hartuta, eta herri borondatearen onarpenaren arabera, konpromisoa hartzen dugu edozein arlo instituzionaletan demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko". Paragrafo  bera Gasteizko Legebiltzarrean EAJ, EHAK, EA eta EBren botoekin onarturiko proposamenean jasotzen da. Baina bi urte lehenago defendatu arren, PSOEk aurka bozkatu zuen. PSOEk, PPk abiatutako bidetik, lehen euskal instituzio nazionalaren kriminalizatzea bultzatuko duen beldur gara.

Udalbiltzaren aurkako sumarioan auziperatu garenok dei egiten dugu euskal herritar orori, herri, auzo, ikastetxe eta lantokietan laster etor daitekeen epaiketari aurre egiteko, elkartasuna sendotzeko, bidegabekeria gelditzeko. Errespeta dezaten Herri honek demokratitkoki hautatu dituen hautetsien lan instituzionala. Errespeta dezaten Herri honek insitutzionalki era demorkatikoan antolatzeko duen eskubidea. Errespeta dezaten Herri honetako Instituzio Nazionala, UDALBILTZA.

*EZKER SOBERANISTAk adierazpen honen argitalpenarekin, Udalbiltzako auzipetuei elkartasuna adierazi nahi die eta bide batez, elkarlanerako eskaintza zabala eta zintzoa plazaratu. Eutsi!

Donostian, 2010eko Martxoaren 28an
UDALBILTZAko auzipetuak

No hay comentarios:

Publicar un comentario