Gaztetxeak aurrera!

Altsasuko Gazte Asanbladatik Foruzaingoak Gaztetxean urtarrilaren 11an izan zuen jokaera salatu nahi dugu. Goizeko 10:30etan, pertsona bat gaztetxera hurbildu zen, aurreko egunean tximiniak su hartu zuela zirudielako. Bertara iristean, etxea kez beterik aurkitu zuen eta zuzenean Altsasuko Suhiltzaileengana joan zen laguntza eske. Hasieran arazo “txiki” bat zena, suhiltzaileek era azkar eta eraginkor batean konpontzea lortu zutena, asko okertu zen Foruzaingoaren jokaera tamalgarri eta zitalaren ondorioz. Ez suhiltzaileek, ez udaletxeak eta are gutxiago gazte asanbladako inork ez zien etortzeko esan, baina hala ere han agertu ziren laguntzeko inongo borondaterik gabe.

Iritsi ziren unetik etxearen hainbat lekuri argazkiak ateratzen aritu ziren, suarekin inongo zerikusirik ez zutenak. Suhiltzaileek bertan zeuden gazteei suaren edo beraiek botako zuten uraren eraginez puskatu edo hondatu zitekeen material guztia ateratzeko esaten zieten bitartean, Foruzaingoak bertatik ezer ez zela aterako esan zuen, diligentziak ireki arte ez behintzat. Bertan zegoen jendeak jokabide hau aurpegiratu zienean, beraien erantzuna hainbat gazte identifikatzea izan zen.

Behin suhiltzaileek sutea itzaltzea lortu zutenean, eta etxeak inongo erorketa arriskurik ez zuela baieztatzean, gazteak Gaztetxera sartzekotan ziren, lehen bailehen konponketa hasteko. Foruzaingoak bertan inor ezin zela sartu agindu zuen, polizia zientifikoa omen zen eraikinaren kalteak erabakitzen zituena. Suhiltzaileetako batek berretsi zion etxeak ez zeukala erortzeko arriskurik eta alde egitea erabaki zuten.

Hala ere, 10 minutu pasa ez zirenean berriro bueltatu ziren Gaztetxera, eta ate aurrean jarri ziren, sarrera debekatuz polizia zientifikoa iritsi arte. Iritsi baino lehen, Foruzaingoaren “UMI”-en bi furgoneta agertu ziren. Antidisturbio hauek, polizia zientifikoa iristean, etxearen inguruko kale guztiak moztu zituzten eta bertan zegoen jende guztia kale estu batean sartu zituzten, etxra eta inguetara hurbiltzea debekatuz.

Foruzaingoaren helburua, Gaztetxean bakar bakarrik sartzea zen, horretarako polizia zientifikoa erabiliz. Egoera honen aurrean, eta ilegala zela ikusirik, bertako jendea kontra jarri zen eta eztabaida txiki baten ondoren, beraiekin bi lekuko (asanbladako kide bat eta herriko alkatea) sartzen utzi behar izan zituzten. Hala ere, polizia zientifikoa lagundu zuten hainbat foralek Gaztetxearen erregistro ilegal bat egin zuten. Bi lekukoek
esan zieten ezin zutela hori egin, eta beraien erantzuna lekukoak ixilaraztea izan zen, bestela kanporatuko zituztelako mehatxupean.

Bukatutakoan, polizia zientifikoek suhiltzaileek hainbat ordu lehenago esan zuten berdina berretsi zuten: sutea tximiniaren tutuak habe bat ukitzen zuelako sortu zen eta eraikinak ez zuen erortzeko arriskurik. Guzti honen aurrean, argi dago Foruzaingoaren helburu bakarra Gaztetxea ilegalki erregistratzea zela.

Altsasuko Gaztetxetik Foruzaingoaren jokabide negargarri eta zitala saltu nahi dugu, beraien esfortzu guztia Gaztetxea nola gelditu zen ikustera hurbiltzen zen jende guztia gaizki tratatzeari eta erregistro ilegalari bidaratu baitzion. Hau guztiagatik, eta azkenaldian izandako beste jokabide ilegalengatik, hala nola herriko lokal baten erregistroa inongo baimenik gabe, herriarengatik eta herriarentzat bakean lan egiten uzteko eskatzen dugu. 20 urte daramatzagu herriarentzat lanean eta baita hainbat borroka sozialetan murgilduta trukean ezer eskatu gabe. Etxe honengatik zerbait sentitzen baduzue, etxe hau gustoko baduzue, orain da garaia hori erakusteko: Ager zaitezte hurrengo urtarrilak 30ean, arratsaldeko 19:00etan Altsasuko plazan egingo den manifestaziora.

Hemen behean sinatzen dugunok kompromezu hauek hartzen ditugu:

-Foruzaingoaren jokabidea salatzen duen manifestu honetara atxikitzea.
-Urtarrilak 30ean, arratsaldeko 19:00etan GAZTETXEAKAURRERA leloarekin egingo den manifestaziora
atxikitzea.
-Altsasuko Gaztetxe eta Gazte Asanbladari gure babesa eskeintzea.

Altsasu, 2010ko Urtarrila

*Zuen atxikimendua emailera bidali dezakezue: altsasukogaztetxea@sakanerria.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario