Beste Euskal Herri batentzako egitasmoa

Azkeneko hiruzpalau hamarkadaotan, ezkerreko abertzaletasuna elkartu nahi izan duen hamaika saiakera egon da. Hamaika saio eta horrenbeste porrot, egun ezkerreko abertzaletasuna 70.hamarkadan bezain zaititurik dagoelarik.

Gainera, hainbat faktore ere aldatu dira, positiboak zein negatiboak, eta esparru soziopolitiko anitz elkarlanean hasteko aukera berriak egon daitezkeela dirudi.

Nazioartean, 80. hamarkada arte, nagusiak ziren ereduak agorturik: kapitalismoa eta Estatu-Sozialismo mota bat, hurrenez hurren. Geurean ere, Euskal Herria askatzeko nagusiak izan diren bi ereduek ibilbide osoa bete dute: estatutismoak eta borroka armatuak.

Bi ziklo bikoitz horien amaierak bestelako eszenatoki bat ekarri behar bazuen ere, ez da horrela suertatu. Kapitalismoak injustizian eta ezberdintasunean oinarritutako sistema birziklatzen doa etengabe; etxean, PSOEk aldaketa (atzerapen) politikorako tresna garrantzitsuenak eskuratu ditu.

Panorama ez da gozoa, baina egoera aldatzeko aukerak egon badaude. Beharrak bultzaturik ala eskarmentuaz ikasirik, datozen hamarkaden norabidea baldintzatzeko gai den indar metaketa egitea badago, ezkerreko independentismoarena, hain zuzen ere.

Metodologia berriak

Ohiko bideek ez dute balio. Ohiko plataformek, argazkiek, manifek, alderdien disziplina hertsiek ez dute balio. PNV eta PSOErekin gehiengoa lortzeko lehian egon litekeen indar berri bat hedatzen lagundu nahi badugu, bide berriak jorratu behar ditugu. Urte hauetan guztietan erabilitakoek, ezkerreko independentismoak dituen gaitz kroniko guztiak gainditzeko, ez baitute balio izan. Iraganak dakarren zamatik askatu behar dugu gure burua.

Haatik, ezin da itxaropen faltsurik piztu. Eginbeharra zaila da, zaila bezain beharrezkoa. Emeki, zintzoki, eskuzabaltasunez, sekretukeririk gabe, gure herrikideekin batera, prozesu eraldatzaile bati ekin diezaiokegu.

Mesfidantza konfiantza bilakatzeko, elkarlanerako gune orekatuak behar ditugu. Elkar berrezagutzeko, nahi amankomunak, desioak eta kezkak konpartitzeko.

Elkar-ezagutzatik elkarlana sortuko da, eta elkarlanetik erakundeetan zein jendartean eragina izan behar duen eskaintza publikoa.

Erakundeek eskaintzen dituzten aukerek liluratu ez gaitzaten eta jendartean egin beharreko lana testimonialismoan eror ez dadin, alternatiba sendoa behar da.

Esparru zabal honen bazter honetatik, apaltasunez, gure ekarpena egin nahi dugu. Ekarpenari ”Ezker Soberanista Eraikitzen” izena eman diogu, talde berririk sortu nahi ez dugulako, lana eskaini nahi dugulako baizik. Ezkerreko abertzaletasun osoaren mesederako izan daitekeen formakuntzarako eta ekintzarako programa , hain zuzen ere.

Guztion hausnarketatik ekintza sortzeko eta ekintzetatik eraikuntzari ekiteko. Eraikin berri bat beste Euskal Herri batentzat. Urte hauetan guztietan inposatu diguten eredu sozioekonomiko eta nazionala eredu alternatibo eta gauzagarria izan dadin.


Pedromari Olaeta - Eva Bidania - Koldo Nabaskues
Ezker Soberanista Eraikitzen

No hay comentarios:

Publicar un comentario